Warning: file_get_contents(/home/aixerrot/public_html/euskaraldia.eus/wp-content/plugins/weekly-class/weekly-class.php): failed to open stream: No such file or directory in /home/customer/www/euskaraldia.eus/public_html/wp-includes/functions.php on line 6691
600 usurbildarrek baino gehiagok eman dute izena Euskaraldian | Usurbil

Dagoeneko 600 usurbildarrek baino gehiagok eman dute izena AHOBIZI edo BELARRIPREST modura aritzeko 11 egunetan zehar egingo den ariketa sozialean. Esan dezakegu, beraz, 600 herritarrek baino gehiagok agertu dutela Euskaraldian bere inguruan eragin, hizkuntza ohiturak aztertu eta hauetan eragiteko asmoa.

Orain arte izena eman dutenen artean nagusi dira AHOBIZI modura aritzeko gogoa agertu dutenak. Nolanahi ere, AHOBIZIek beste garrantzia dute BELARRIPRESTek ere eta herritarrak izen ematera animatu nahi ditugu rol bata zein bestea hautatzen dutela ere. Hurrengo asteetan, orain arte izena eman duten horiek bere inguruan eragin eta partaide gehiago bilatzera bultzatu nahi ditugu. Izan ere, hizkuntza ohiturak aldatzeko garrantzitsua da aurrez ariketaren berri eman, gure buruak eta ingurua prestatzea eta, beraz, inguruko senide, lagun, lankide eta ezagunek ere ariketan parte hartu dezaten animatzea.

Irailaren 20an zabaldu zen izen-ematea, baina oraindik ere izena emateko aukera badago. Usurbildarrek bi bide dituzte izen-ematea burutzeko: www.usurbil.euskaraldia.eus webgunearen bitartez, eta eskuz, izen-emate orrien bitartez. Orri horiek Noaua!n, Potxoenean, Usurbilgo sustatzaileen bidez edo kalean ezarriko diren informazio-mahaietan eskura ditzakete. Azaroan, informazio-mahaiak Noaua!ko Kulturaldiaren baitan ezarriko ditugu, honako hitzorduetan:

  • Azaroak 10, larunbata, 21:30 – 22:00 bitartean, Sutegin.
  • Azaroak 11, igandea, 18:30 – 19:00 bitartean, Sutegin.
  • Azaroak 14, asteazkena, 19:00 – 19:30 bitartean, Sutegin.
  • Azaroak 17, larunbata, 18:30 – 19:00 bitartean, Sutegin.
  • Azaroak 18, igandea, 18:30 – 19:00 bitartean, Sutegin.

Izena eman dutenen datuak argitaratu nahi izan baditugu ere, ekimenaren helburua kualitatiboa dela azpimarratu nahi dugu. Helburua ez da zenbatek parte hartzen duten, baizik eta parte hartzen duten horiek ematen dituzten urratsak hizkuntza-ohiturak aldatzeko. Antolaketan ari garenon ikuspegitik ariketa honek inertziak apurtzea eta ohiturak aldatzea du helburu eta, horregatik, datuek baino, sortuko diren aldaketek dute guretzat garrantzia.