Iazko abenduaren 3an eman genion amaiera Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa sozialari. Orduan ezagutu genituen “ahobizi” eta “belarriprest” jokamoldeak. Horien bidez, norbanakoen hizkuntza-ohituren aldaketa sustatu genuen. Usurbildar asko batu ginen ekimenera, eta gure eguneroko hizkuntza-harremanak lantzen aritu ginen.
Orain, 21. Korrika dator Usurbilera! Esperientzia errepikatzeko testuinguru paregabea eskaintzen digu honek. Izan ere, Korrikaren aurtengo leloarekin eta helburuarekin bete-betean egiten du bat Euskaraldiak. “Klika” aukeratu dute lelo, eta jarrerak aldatzea jarri dute helburu: alegia, euskararen alde “klik” egitea.
Ahobiziok eta belarriprestok gure hizkuntza-praktikak aztertzeko eta ohiturak aldatzeko erabakia hartu genuen iaz; horrela, inertziak apurtzeko konpromisoa erakutsi genuen, klika egiteko konpromisoa.
Korrika une aproposa da euskarazko hizkuntza-praktikak zabaltzen jarraitzeko, aldatutako ohitura horiei eusteko eta euskarazko harremanak zaintzeko. Horretarako, Usurbilgo Euskaraldia batzordeak dei egiten die usurbildarrei ahobizi eta belarriprest rolak berreskuratzeko. Ikurrekin eta beren portaerarekin hizkuntza-ohituren aldaketa ikusaraz dezagun!
Batu Korrikara usurbildar! Iaz ekindako hizkuntza-ohituren aldaketarekin jarraitu eta ez utzi KLIKA egiteari!
Euskara, gure hautua!
EGIN KLIKA!! Nahia, Xabat, Eli eta Patxi - 21.KORRIKA USURBILEN