Datorren astelehenean, apirilaren 20an, Etxealditik Euskaraldira ekimena jarriko dugu abian Usurbilen ere. Egitasmo honek bi helburu ditu:

  • batetik, etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea
  • eta bestetik, euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak eskainiz.

Konfinamendu egoeran elkarrekin hitz egiteko aukera, gogoa eta nahia dira nagusi, eta, harreman gehienak hurbilekoekin direla jakinda, iruditzen zaigu eremu hurbilenean erabiltzen dugun hizkuntzaren gainean pentsatu eta aldaketak egiteko pausoa emateko aukera aproposa izan daitekeela.

Gertukoekin hizkuntza-ohiturak aldatzen baditugu, gero errazagoa izango da kalean ere ohitura berri horiek praktikara eramatea! Beraz, azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldira indartuta, gauzak probatuta eta berotuta iristeko entrenamendu modukoa izango da ekimen hau.

 

Ekimenaren nondik norakoak

Datorren astelehenean, apirilaren 20an, aurkeztuko dugu ekimena, bideo bidez. Ez dugu, Euskaraldian bezala, 24 orduz rol bat mantenduko, baina egunean zehar etxekoekin egin ahal izateko jolas modukoak proposatuko ditugu, etxeetara euskara gehiago sar dadin.

Lehendabizi, asteartetik hilaren 23ra, hausnarketa fasea irekiko dugu, norberak bere hizkuntza-ohiturei buruz pentsatzeko. Norekin eta nola hitz egiten dugun eta zer aldatu edo zer mantendu nahi dugun ikusteko ariketa erraz bezain interesgarria proposatuko diegu herritarrei.

Hilaren 24tik 30era hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketak proposatuko ditugu. Egunerokotasunean eta ohiko egoeretan oinarritutako zazpi ideia-proposamen izango dira. Egunero ideia bat sareratuko dugu, baina herritarren aukera izango da denak egitea edo batzuk aukeratu eta gauzatzea, norberaren etxean adostu bezala, alegia. Azken batean, ariketa horiek ohiturak aldatzeko baliagarriak izan daitezen bilatzen dugu. Ez dugu inor estutu nahi, aukera eman besterik ez.

Azkenik, maiatzaren 3an bukaerako ekitaldia egingo dugu Euskal Herri osoan, guztiok batera!

Ekimenean parte hartzeko jarraibide guztiak Euskaraldiko sare sozialen bitartez eskainiko ditugu. Beraz, adi egon gure sare sozialei, goizero-goizero gure berri izango duzue-eta!

  • Facebook: @EuskaraldiaUsur
  • Twitter: @EuskaraldiaUsur
  • Instagram: @EuskaraldiaUsurbil
  • Youtube: Euskaraldia Usurbil kanala

 

Herritarren parte-hartzea

Ekimenean parte hartzen ari garela adierazteko, etxeetako leihoetan edota balkoietan koloretako puntu bat jartzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak.

Era berean, ekimenak irauten duen bitartean, dei egiten diegu herritarrei sortutako bideoak edo ateratako argazkiak sareratzeko. #EtxealditikEuskaraldira eta #Usurbil traolak erabil ditzagun herrian sortutako materiala biltzeko!