ARIGUNEAK

Parte-hartzea entitateetan

 

Aurten bi modu egongo dira entitate barruan parte hartzeko. Batetik, ariguneak sortuko dira, eta ahobizi eta belarriprest moduan parte-hartuko badute ere, modu kolektiboan egingo dute ariketa. Eta, bestetik, ariguneetan egon ezin duten kideak daude; horiek, iaz bezala, norbanako moduan egingo dute ariketa: belarriprest eta ahobizi rolekin.

Mota guztietako entitateek hartu ahal izango dute parte (erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, kooperatibak, kultur eta kirol elkarteak, eta abar), ariguneren bat badute. Ariguneek, edo euskaraz aritzeko guneek, euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Talde hauetako kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute ariguneetan. Hala, bi motako ariguneak bereizten ditugu:

Barne-ariguneak

Entitate baten baitan ohiko dinamika duten eta kide guztiek gutxienez euskara ulertzen duten taldeak dira. Entitate motaren arabera, ohiko funtzionamendua duten talde horiek askotarikoak izan daitezke (sailak, atalak, ekipoak, sekzioak, zerbitzuak, taldeak…). Talde honetako kideek barne-arigunea osatzea erabakitzen dutenean modu kolektibo batean euren arteko hizkuntza-ohiturak aldatzeko aurrera pausoak ematea adostuko dute. Arigunea osatzeko beharrezkoa izango da taldeko kideen %80a gutxienez ados egotea. Ariguneetako kide bakoitzak erabakiko du ahobizi edo belarriprest moduan parte hartzea.

Kanpo-ariguneak

Entitatean herritarrekiko harreman-espazioetan dauden pertsonek osatzen dute kanpo-arigunea, uneoro belarriprest edo ahobizi bat egongo dela bermatzen bada; hau da, herritarrek uneoro euskaraz artatuak izateko bermea badute. Horrelako espazioak izango dira jendaurreko edo harrera postuak, supermerkatuetako kutxak, telefono bidezko arreten arduradunak, tabernariak edo dendariak, besteak beste.