Azaroaren 6an aurkeztu ziren “Euskaraldia: 11 egun euskaraz” I. ikerketaren Usurbilgo emaitzak. Soziolinguistika Klusterrak burututako ikerketaren bidez jakin da Usurbilen hainbat hizkuntza-ohitura aldatzea eragin duela Euskaraldiak.
Ikerketaren ezaugarriak
Ikerketa kuantitatiboa burutu da Usurbilen. Euskaraldiak herritarren hizkuntza-ohituren aldaketan eraginik izan duen eta eragin hori nolakoa izan den ikustea izan da xedea. Horretarako, ekimeneko hiru une desberdinetan, herritarrei galdetu zaie zer-nolako hizkuntza-ohiturak dituzten. Neurketa horiek hiru galdetegiren bidez burutu dira, guztiak ere e-mail bidez igorri direnak. Ikerketan, hiru galdetegiak bete dituzten pertsonen emaitzak hartu dira soilik kontuan:
- Lehenengo galdetegia: Euskaraldia hasi aurretik (2018ko azaroaren 23a baino lehen).
- Bigarren galdetegia: Euskaraldia amaitu berritan (2018ko abenduaren 3a ondoren).
- Hirugarren galdetegia: Euskaraldia amaitu eta hiru hilabetera (2019ko martxoan).
Uxoa Anduaga Soziolinguistika Klusterreko ikerlariak bereziki eskertu zuen galdetegia erantzun duten usurbildarren ahalegina. Horren bitartez aztertu ahal izan baita Usurbilgo hizkuntza-harremanen bilakaera. Beraz, emaitzak irakurtzean, kontuan hartu behar da galdetegiak betetzeko borondatea izan duten pertsonen erantzunak direla.
Hain zuzen ere, guztira 209 pertsonak bete dituzte hiru galdetegiak Usurbilen, eta Euskaraldian parte hartu duten hiru usurbildarretatik baten hizkuntza-harremanen berri emateko ahalmena du ikerketak. Lagina Euskaraldian izena emandako populazioarekin alderatuz, antzeman daiteke femeninoagoa dela eta ahobizi-en presentzia handiagoa dela.
Usurbilgo ondorio nagusiak
- Euskaraldiak, epe motzean (11 egunen ondoren), euskara erabiltzeko aukerak optimizatzea ekarri du. Epe luzera begira (3 hil pasata) ohitura berri horietako batzuk egonkortu dira. Joera bera ikusten da ahobizietan eta belarriprestetan, baina belarriprestek hobekuntza handiagoa egin dute bai epe motzera, baita epe luzera ere.
- Euskaraldiak norberaren hizkuntza erabilerak euskararen alde aldarazi ditu. Epe luzera, ordea, ez da lortu ohitura berri horiek finkatzea. Ahobizietan joera hori ikusten da; belarriprestetan, ordea, positiboagoa da emaitza, epe luzera begira ohitura batzuk egonkortu egin baitira.
- Epe motzean, Euskaraldiak lagunartean izan du eragin handiena, baina epe luzean, ez da aldaketarik egonkortu lagunartean, familian, lantokian edo ikaslekuan. Joera berdina errepikatu da ahobizietan; belarriprestetan, aldiz, egonkortze-mailak sendoagoak izan dira.
- “Euskaraz erraztasunez ulertzen dutenekin” eman dira hizkuntza-ohitura aldaketarik handienak.
- Zenbat eta hizkuntza-gaitasun handiagoa izan, orduan eta erabileraren bilakaera leunagoa gertatu da.
Usurbilgo Euskaraldia batzordearen balorazioa
Euskaraldia baliagarria izan da Usurbilen herritarren hizkuntza-ohiturak aldatzen hasteko; ez da lortu, ordea, ohitura berri horiek guztiak finkatzea. Ziurrenik epealdi laburregia izan da horretarako. Euskaraldia abiatzean jakitun ginen hizkuntza-ohiturak aldatzea eta gizarte-aldaketa sustatzea epe luzerako lana dela. Ondorioz, lehen edizioak bidea urratzeko balio izan du, eta ahaleginetan jarraitu behar dugu.
Ikerketen emaitzen arabera, Euskaraldiko bi rolek, ahobiziek nahiz belarriprestek, sustatu dute ohitura linguistikoen aldaketa: belarriprestei euskaraz egiteko eskaera esplizitua egin ez bazitzaien ere, Euskaraldiaren dinamika orokorrak modu naturalean euskara erabiltzera bultzatu ditu. Hori gutxi balitz bezala, belarriprestek euskararen erabilerari dagokionean aurrerapauso edo hobekuntza gehiago egin dituzte ahobiziek baino. Ondorioz, belarriprestei ezin zaie balio sozial baxua eman, izan ere, besteak beste, figura horren bitartez biztanleriaren sektore berriak euskararen dinamikara hurbiltzeko aukera zabaltzen du Euskaraldiak. Inpresioa daukagu ekimenaren konpromisoa eta rolen egitekoa ez direla behar bezain argi ulertu edota ez dela behar beste azaldu, eta datorren edizioari begira horretan ahaleginduko gara erabileran salto kualitatibo handiagoa eskuratzeko.
Usurbilen ere euskaraz mintzatzeko gaitasun txikiagoa dutenek egin dute aldaketa handiena. Gainera, solaskideak euskaraz egiteko zailtasunak dituenean euskarari eustea zaila suertatzen dela ondorioztatu du ikerketak. Gure ustez, bereziki zaindu behar dira euskaraz mintzatzeko gaitasun mugatua duten pertsonak, askotan eurak euskara ikastea nahi baitugu baina gero praktikatzeko espazio erosorik ez baitiegu eskaintzen. Horregatik, garrantzitsua da pertsona hauengan arreta jartzea, eta hurrengo edizioari begira bereziki landu eta balioan jarri behar dugu horien ahalegina.
Euskaraldiarekin euskararen gaia plazara atera zen Usurbilen, eta herritarrak erabileraz hausnartu zuten. Usurbildar askok parte hartu zuen ekimenean, eta ilusioa eta gogoa hedatu zen. Gainera, hein batean lortu zen herritarrak jabetzea norberak aletxoa jar dezakeela euskararen normalizaziorako pausoak emateko. Horregatik guztiagatik, ekimena positiboa izan da Usurbilen.
Hala, bide horretan jarraitu nahi dugu lanean, euskararen erabilerak goranzko joera har dezan. Horregatik, Euskaraldiaren bigarren edizioa Usurbilen ere abiatuko dugu, eta hainbat lanketetan jarriko dugu arreta: ahobizi eta belarriprest jokaeretan sakondu, ekimena eremu berrietara zabaldu, eta era guztietako erakundeen babesa lortu nahi dugu. Urrats horiekin, pixkanaka, euskaraz bizitzea erabakitzen duen pertsona oro babestera helduko gara.
Ikerketaren ondorio nagusiak biltzen dituen laburpen-txostena hemen kontsulta daiteke: Usurbil – PPT. Informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi usurbil@euskaraldia.eus helbidera.