Warning: file_get_contents(/home/aixerrot/public_html/euskaraldia.eus/wp-content/plugins/weekly-class/weekly-class.php): failed to open stream: No such file or directory in /home/customer/www/euskaraldia.eus/public_html/wp-includes/functions.php on line 6651
Usurbilek eman du izena 2020ko Euskaraldian! | Usurbil

Bueltan gara! Oporretatik indarberriturik gatoz, eta ikasturte honetan, 2020ko Euskaraldia prestatzen buru-belarri ariko gara.

Jakina denez, Euskaraldiaren bigarren edizioak berrikuntzak dakartza: 2020an, entitateetan ere ekimena martxan jarriko dugu! Hau da, herriko taldeek, eragileek, elkarteek, komertzioek, enpresek eta abarrek modu zuzenean parte hartu ahal izango dute Euskaraldian, ARIGUNEAk sortuz. Ariguneak entitateek babestutako euskaraz aritzeko espazioak dira, eta horien sorrerak taldeetako hizkuntza-ohiturak aldatzen lagunduko du.

Ondorioz, Usurbilgo batzordearen eragin-eremua handitu beharrean gaude; izan ere, norbanakoak ez ezik, entitateak ere aktibatu behar ditugu datorren urterako. Horregatik, funtzionamendua aldatzea erabaki dugu: aurten, lan-taldeetan egingo dugu lan, nagusiki.

Lau lantalde sortuko ditugu, eta funtzio hauek izango dituzte:

  1. Entitateen lantaldea: entitateak Euskaraldian parte hartzera gonbidatzea (herriko entitateen mapa egin, lehentasunak jarri, entitateei Euskaraldia aurkeztu eta ekimena aurrera eramateko laguntza eskaini…).
  2. Ekintzen lantaldea: Euskaraldia herriratzeko ekimenak antolatzea (abenduak 3, informazio-mahaiak…).
  3. Komunikazio lantaldea: webgunearen eta sare sozialen kudeaketa, albisteak sortzea, antolatzen diren ekintzen berri eman…
  4. Koordinazio lantaldea: kontu ekonomikoen eta barne harremanen kudeaketa (Gipuzkoako foroetan parte hartu…).

Lantalde bakoitzak kideen artean adostuko ditu lan-dinamika eta bileren maiztasuna.

Horrez gain, Usurbilgo Euskaraldia batzordea bi hilabetean behin biltzea aurreikusi dugu. Batzorde hori baliatuko dute lantaldeek elkarren berri izateko, eta bilera horietan hartuko dira guztioi eragingo diguten erabakiak. Batzordea irekia da, eta edonork parte har dezake (lantalde bakoitzeko ordezkari banak parte hartuko du bertan, gutxienez).

Euskaraldia girotzeko, bolondresen sarea indartu nahi dugu. Lagunduiguzu ekimena herriratzen! Gustura hartuko zaitugu gure artean!

Usurbilgo 2020ko Euskaraldia girotzen laguntzeko prest zaude? Erantzun honako galdetegi hau, mesedez: https://forms.gle/urLU7xxi26Jdc6RX7. Laster jarriko gara zurekin harremanetan.

Edozein zalantza izanez gero, edo informazio gehiagorako: usurbil@euskaraldia.eus

2019ko iraila.